Tokiko Hirigintza Plan

2019az geroztik, Ahetze herriak Tokiko Hirigintza Plan (THP/PLU) berria du.

Dokumentu horrek gure herriak adostu dituen hamar urterako helburuak zehazten ditu, eta bide batez babestu nahi dugun bizi ingurunea nolakoa izatea nahi dugun adierazten du. Izan ere, itsasbazterrean dagoen lur funtsen gaineko presioak eta higiezinen merkatuak bizi dituen tentsioek behartzen gaituzte gure ondarearen bilakaera hurbiletik zaintzera. 

THP Berria 2019ko Uztailaren 20an Indarrean Sartu Zen

Herriaren eta bertan bizi garenon bizi kalitatea zaintzeko eginak dira eraikitzeko baimenak, eraikuntzez egiten den erabilera, eremu publikoarekiko duten lotura, eta kokatzen diren ingurunearekiko dituzten loturak ere. Txinako erran zahar batek dio etxe baten aitzinaldea ez dela soilik jabearena, baina begiratzen duenarena ere badela. Gure herrian proiektu bereziak onar daitezke, baina ez da proiekturik gure herriaren nortasuna eta ondarea kaltetuko dituenik. THP, «zoruen eskubidearen aplikapen» batzordeko hautetsiak eta Fanny Dubois teknikari berriaren zeregina da arkitektura eta paisaia ondare horren zaintzea.

THP dokumentuan bada aurkezpen txosten bat ekonomia, demografia eta ingurunearen egoera eta bilakaera kontuan hartuz diagnosi bat egiten duena; badu ere Antolamendu eta Garapen Iraunkorreko Proiektua (AGIP/PADD) zeinaren arabera egin diren bai antolamendu hautuen planoa eta baita dagokion araudia ere. Elementu guzti hauek herriko webgunean daude ikusgai.

Osasun larrialdiaren testuinguruan lurren espekulazioa indartu den honetan, dokumentuak hirigintza baimen juridikoki seguruak ematen ditu. Alabaina, goizegi da dagoeneko lehen ebaluazio baten egiteko, ez baitugu oraindik eraginen zenbaki ofizialik. Baina laster izanen dugu analisia horren egiteko aukera. Momentuz erran dezakeguna da, dokumentuak bere helburuen zati bat betetzen duela denentzako etxebizitzak egiteko programak eskainiz. Segitzekoa…

Udal aldizkaria

Ahetzeko Berriak

Avril 2023
reproduction miniature - Ahetzeko Berriak